Udalerria

 

Gerra amaitu eta gero, industria Derion finkatu zen. 1958rako 4 fabrika zeuden jadanik, eta 300 laguni baino gehiagori ematen zioten lana.

Nabarmentzekoa da 60ko eta 70eko hamarkadan izandako migrazio-mugimendu garrantzitsua, batez ere Extremadura, Andaluzia eta Gaztelatik, langile-beharrak eragindakoa. Hazkunde nabaria eragin zuen, eta hamarkada eskasean biztanleak bikoiztu ziren. Hamarkada horretan eraiki zen ia-ia hirigune osoa eta goitik behera aldatu zen elizate txiki hura, Txorierriko biztanlegune handiena bihurtu baitzen.

1965ean, Bilboko leku-premiak eta Derioko eskasia ekonomiko eta teknikoa zirela eta, Bilborekin bat egin zuen elizateak. Egoera horrek 1982ra arte iraun zuen; urte hartan, desadostasun orokortuak independentzia berreskuratzera eraman zuen udalerria, aurrez zeuden lur-mugak mantenduz.

80ko hamarkadako krisialdi ekonomikoak eragin nabarmena izan zuen udalerrian. Garrantzi handia duten inguruko zenbait enpresatan –adibidez, Olarran eta Magefesan– industria-birmoldaketak egin eta langile kopuruak murriztu ziren. Ondorioz, etorkinak sorlekura itzuli, gazteek emigratu, eta Deriok bere biztanleen % 10 galdu zuen hamarkada batean baino zertxobait gehiagoan. Joera hori eten egin da XX. mendearen amaieraz geroztik, industrialdeen eta Bizkaiko teknologia-parkearen garapenari esker indarra hartu dutelako Derioko ekonomiak eta enpresagintzak. Hala, biztanle kopurua gorantz egiten hasi zen, eta, hirigintzako iraultzarekin batera, besteak beste Ganbe eta Errementeriñe auzo berrietan etxebizitza-eskaintza nabarmenaz hornitu zen Derio.

Gaur egun, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko kide da Derio udalerria, Loiu, Sondika, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko udal-mugarte mugakideekin batera.

Derio oso herri aktiboa eta modernoa da, azpiegitura eta zerbitzu-hornidura handia du eta Bilbotik oso gertu dago; beraz, oso udalerri erakargarria da, bai bertan bizitzeko eta lan egiteko ere.