Udalerria

 

XX. mendearen hasieran 300 biztanle baino gutxiago zituen Deriok, eta 100 urte lehenagokoaren antz handia zuen. Bizkaiko Jaurerriko herri txikienetakoa zen. 1894an Lezamako trena iritsi zen, handik gutxira Mungiakoa, eta 1901ean Bilboko hilerria eraiki zen. Horrek guztiak aldaketa nabarmenak eragin zituen batik bat landatarra zen udalerri batean.

Bestalde, oraindik gatazkak eragiten zituen Deriok Mungia hiribilduaren aurrean bere burua berretsi nahi izateak. Hala, 1905ean, Artebakarra geltokiaren jabetza lortzeko auzi batek buruz buru jarri zituen bi udalerriak, eta azkenean Derioren alde ebatzi zen. 1925ean, Mungian auzotutako gehienek Derioko elizatean sartzeko erabakia hartu zuten; hala, 446 biztanle izatetik 1.060 biztanle izatera igaro ziren. Hala ere, handik bi urtera, 1927an, Zamudiorekin bat egitea erabaki zuen Deriok, baliabide ekonomikorik eza zela medio.

Batasunak 1931ra arte iraun zuen, urte hartan herritarren desadostasunak berriz ere itzuli baitzion autonomia udalerriari.

Gerra zibilaren zorigaiztoko urteetan, alemaniarren hegazkinen eta Mola jeneralaren nafar armadaren lehentasuneko helburu bihurtu ziren Derioko mendiak, Bilboko Burdin Hesiaren parte ziren eta; hala, 1937ko ekainaren lehen egunetan basakeriaz sartu ziren Deriora, Mungiatik etorrita. Bonbardaketek kalteak eragin zituzten Bilboko Vista Alegre hilerrian, gure udalerriaren ingurumarietan, eta hainbat fusilamenduren gertaleku iluna izan zen.