Ondarea

 

Derioko mugetan, Zamudioko lurrek eta Bizkaiko Parke Teknologikoak inguratuta, balio sentimental eta historiko handiko bitxi arkitektoniko bat dago: Kaltzako ur-errota (Kadaltsako errota ere esaten zaio). Funtzionatzeko gai den Derioko errota bakarra da, eta eraikinaren arrastoren bat edo beste mantentzen duten 2 errotetako bat. Errota honek bi aldeko teilatua du, eta biltegi eta etxebizitza gisa erabiltzen den beste eraikin handiago bati atxikita dago. Handik metro gutxira, ogia egiteko labe zahar bat dago. Ondo begiratuz gero, harlanduzko leiho txikian gurutze bat ikus daiteke goialdean grabatuta, eta behean data bat: 1777. Errota hau jabetza pribatukoa da; dena dela, batzuetan bisitak eta ehotze-erakustaldiak egiten dira.

Aletik abiatuta irina ehotzeko erabiltzen zen. Funtzionamendu erraza du: ondoan duen Geldo errekako ura kanal baten bidez hartzen da presa baterantz, behin betetzen denean ura ateratzeko aukera ematen duen uhate batekin. Burdin sare baten bitartez eragozten da arazoak ekar ditzaketen elementuak mekanismo barrura sartzea. Errotak bi garaiera ditu: behealdean estolda dago, hegalekin. Hegal horiek bizkor biratzen dira uraren bidea irekitzen denean, eta uraren kopurua eta biraketaren abiadura erregulatzen dute. Goikoak, “ehotzeko gela” izenekoak, ehotze-mekanismoak eta abian jartzeko aginteak eta palankak ditu. Hegalen errotazio-mugimendua zuhaitzaren bitartez transmititzen da errotaren harrira, errotarrira. Errotarriak azpiharri izeneko beste harri finkoaren inguruan egiten du bira. Bi harriak jasogailu baten bitartez bereizten dira, eta horrek egiten du irina finago edo lodiago.

Hori guztia estalki edo danbor batek babesten du, zeinak kanal bat baituen, irina behealdean dagoen egurrezko kutxa handi batean uzten duena. Arto-alea toberan gehitzen da. Tobera goialdean egon ohi da, asto izeneko egurrezko euskarri baten gainean. Alea kanaletatik erortzen da erdiko zulotik eta bi harrien artean.

Errota hau zuhaitz bikoitzekoa da, eta horien artean dago garabi-besoa, zeinak mugitu egiten baititu harriak eta buelta ematen baitie; izan ere, aldian-aldian pikatu egin behar izaten dira, behar bezala lan egiten jarrai dezaten.

ORROÑO ERROTA da Derion ikusgai dagoen beste errota. Hala ere, hau kontserbazio-egoera txarrean dago. San Isidro auzoan dago, eta bi garaierako eraikin bat da, XVII. mendearen amaieran eraikia. Harlangaitz zapiatuzko hormak ditu eta atelada ateburuduna, ateburuei eusteko bi mentsularekin.

Atal historiko honetan, Dañobeitia eta Arzubia errotak ere aipa genitzake, baita Errementeretxe etxea ere, bere garaian burdinola baten egoitza izan zena.