Ondarea

 

Eliza hau Derioko San Kristobal Elizatea izena zuenaren jatorria da, hau da, oraingo udalerriaren hazia. Tenplua muino baten tontorrean dago, eta handik herriaren zati handi bat ikus daiteke. Gaur egun hirigunetik urruti dago, baina jatorriz Bilbo eta Mungia hiribilduen arteko nahitaezko pasabidea izan zen. Ez dakigu zehazki zein garaitan eraiki zen; izan ere, dokumentu batzuek diote X. mendekoa dela, eta beste batzuek, XIII eta XIV. mendeen artekoa. Eliz atarian eta “kontzejuko mahaia” izenekoaren inguruan bilerak egiten zituen komunitateak, eta komunitatea Gernikako Batzarrean ordezkatuko zuten ahaldunak aukeratzen zituzten.

San Kristobal eliza Bizkaiko Jaurerriaren mende zeuden Derioko nekazari zentsu-hartzaileek eraiki zuten, gainerako elizak ez bezala, garai hartan tokian tokiko nobleziak eraiki ohi baitzituen. Hala ere, XV. mendetik aurrera, errege-izendapenaren bitartez, Zamudioko leinuarena bihurtu zen. Elizari zegozkion hamarrenak eta zergak kobratzen zituzten, eta diru-iturri horretatik lortzen zituen, besteak beste, nobleziak diru-sarrerak.

Tenpluak jatorriz habearte bakarra du; alboan kontrahormak ditu, eta dorre karratua du oinean, aurrealdean kanpai-horma txiki batekin. Elizpea hegoaldeko fatxadan dago. Egurrezko habeek eusten diote, eta ezkerraldean dauden sarrera nagusia eta kontzejuaren mahaia hartzen ditu.

Oraingo eraikina barroko estilokoa da, eta nabarmentzekoa da lerroen fintasuna. XVIII. mendearen erdian eginiko erreforma baten emaitza da hori; eliza zaharraren materialak erabili ziren erreforma egiteko, elizara sartzeko ate baten atalaseko inskripzioetan ikus daitekeen moduan. Era berean, erdiko habeartera atxikia gelditu zen sakristia eraiki zen. Han, 1745eko iturri zoragarri bat dago, zeina apaizak ikuzketetarako erabiltzen baitzuen.

Elizaren barruan, egurrezko balaustrada duen korua eta kanpandorrera igotzeko atea ikus ditzakegu. Haren azpian, beste sarrera bat dago. Sarrera nagusiaren aurrean, bi erretaula barroko eder daude San Antonio Paduakoaren eta San Estebanen irudiekin. Azken hori izen bereko ermita zaharretik eramandakoa da. San Kristobalena da kaperako irudi nagusia, eta albo banatan ditu San Isidro eta Santa Maria de la Cabezaren tailuak. Goialdean Santiagoren irudi bat gailentzen da. Polikromia aberatseko Ama Birjinak eta haurrak eta Kristo gurutziltzatu handi batek osatzen dute barrutiaren iruditeria. Azken hori gotiko flamenko estiloko XV. mendeko tailu noblea da. Behealdean, bataiarri xume bat dago.

1983. urtean, Bilboko Elizbarrutiko Museora eraman zuten tenpluko irudi garrantzitsuena: 1320. urteko Andre Maria gotiko bat (Ama Birjina eta haurra); izan ere, Bizkaiko zaharrenetakoa da Begoñakoarekin eta Markinakoarekin batera.

Azken mende-aldaketarekin, tenplua otoitzerako leku eta topaleku bihurtu zen ehunka eliztar ortodoxorentzat errumaniarrak, errusiarrak, greziarrak eta moldaviarrak . Astero biltzen dira han, kultu erlijiosoa ospatzeko eta fedea praktikatzeko.

Irudiak

  • San Cristobal
  • San Cristobal
  • San Cristobal