Ondarea

 

Derioko iragana landa-girokoa izan da nagusiki, eta, horregatik, baserrien tradizio handia egon izan da. Horietako baserri batzuk badaude oraindik ere, eta gure udalerrian zehar ibiliz gero ikus daitezke; besteak beste, GAZTAÑAGA (8) eta GAZTAÑAGAGOIKOA (9). Bi baserri horiek udalerriaren mendebaldean daude, aireportuarekin mugan.

Ondare-interes handikoak dira, halaber, ehun urtetik gora dituen LARRABARRI (10) baserria eta ISLABE (11) baserria. Lehenengoa herrian bertan dago, eta helburu soziokulturaletarako birgaitu da, eta bigarrena udalerriaren iparraldean dago, Klaratarren Komentutik hurbil, eta baserri tradizionala da.

Nabarmentzekoak dira Untza, Keretxo eta Aiartza ibaien inguruak. Azken horrek izena ematen dio AIARTZA (12) basoari. Lañomendi mendiaren hegalean dago, eta 25 hektarea ditu. Urkia eta haritz pedunkulatua dira nagusi basoan, baina beste espezie batzuk ere badaude, hala nola gaztainondoak, ametzak eta pagoak. Gainera, ekosistema honetan askotariko hegaztiak daude, besteak beste honako hauek: zozoa, birigarroa, txantxangorria, kaskabeltza, eskinosoa, okil berdea eta arrano saguzalea. Ugaztunei dagokienez, basurdea, azeria eta katagorria dira nagusi. Baso honetan barrena ibiliz, irudika dezakegu nolakoa zen harana burdinoletarako ikatza modu intentsiboan ekoizten hasi aurretik eta eukaliptoa eta pinua bezalako espezie exotikoak sartu aurretik.