Herriaren mugak hauexek dira: iparraldean, Mungia eta Laukariz; ekialdean, Zamudio; hegoaldean, Bilbo; eta azkenik mendebaldean, Sondika eta Loiu. Asua ibaiak eta Untza errekak aurrera egiten dute bertako lurretan zehar. Erreka hori Untza menditik jaitsi eta lehenengoan isurtzen ditu bere urak. Bestalde, koordenatu geografikoak ondorengoak dira: 43º 18’ 28’’ eta 0º 49’ 05’’ latitude eta longitudeari dagokienez, hurrenez hurren.
Deriok 10,7 kilometro koadroko azalera du. Herrian 5.000 biztanle inguru bizi dira, eta 501,2 biztanle kilmetro karratuko dentsitatea ditu. Hirigune modernoa du, kokaleku berrien eraginez. Udalerrian ezarri diren enpresei esker izugarri hazi da, eta horrela, Txorierriko gunerik handiena bihurtu da.
Garraiobideei dagokienez, Bilborekin nahiko lotura onak ditu bai Asuatik Erletxerako errepidetik, bai Artxandako autobidetik. Gainera, Bizkaibus, Lujua eta Automóviles Vascongados autobusek eta Eusko Trenbideak nahikoa maiztasunarekin egiten dute hiribururako joan-etorria.