Derioko historia

Hasierako garaiak

Udal-mugartean gizakiak bizi izan zirelako lehen frogak historiaurrekoak dira (Eneolitikoa – Brontze Aroa, 2800-1000 K.a). Hala ere, dokumentatutako jatorriek XIV. mendera garamatzate.

Garai hartan larre eta basoen artean sakabanatutako herrixka eta baserriz osatuta zegoen Derio, eta bidezidor eta galtzada bidez lotzen ziren bata bestearekin. Jarduera nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza ziren. Baserri horiek parrokia-eliza bera partekatzen zuten, eta erlijiozko gaietarako ez ezik bilerak egiteko eta guztien kontuak ebazteko ere balio zuen: adibidez, bideen konponketa, mendien erabilera, zergen ordainketa eta auziak… Bilera horiei “A CRUZ PARADA” esaten zitzaien, eta San Kristobaleko eliz atarian egiten ziren, kontzeju-mahaiaren inguruan. Horregatik, halako komunitateei elizate deitzen hasi zitzaien.
Gaur egungo udalen aurrendariak ziren.

Garai hartako beste jendeguneak hiribilduak ziren. Bizkaiko jaunak sortuak, hiri-izaera zuten eta forua ematen zitzaien; hau da, lege eta pribilegio multzo bat, besteak beste, merkatua egiteko eta defentsarako harresiak izateko eskubideak.