Albisteak eta iragarkiak

 

Uribe Parkean instalatuko diren jolas guneak aukeratzeko helburuarekin Derioko Udalak martxan jarritako prozesu parte-hartzailearen ondoren, derioztarrek jada, euren aukera gogokoena hautatu dute, 2 urte baino gehiagoko 25 umeentzako edukiera duen 114 m²-ko gaztelu bat, hain zuzen ere. Gune berria, alde batetik altuera desberdineko 3 txirristaz eta bestetik, oreka eta eskalada elementuez osaturik dago, non erabiltzaileek beren gaitasun fisikoa barneratu eta garatuko duten, sedentarismoa saihestuz. Udalak, guztira, 3 eta 11 urteen arteko 120 umeren botoak jaso ditu.

Gauzak horrela eta udalerriko txikienen aisialdia eta segurtasuna sustatzen jarraitzeko helburuarekin, Udalak udaberrian hasiko ditu Derioko parke garrantzitsuenetarikoaren eraikitze lanak. Jolas gune berriak 300 metro karratuko azalera hartuko du, eta 88.000 euroko inbertsioa eskatuko du eraikuntzarako. Jolas gunea eraikitzeko prozesuaren barruan zementuzko zoladura eta segurtasuneko zorua eta partaidetza prozesu honetan aukeratutako jolasak jarriko dira. Halaber, eguraldi txarra egiten duenean ere instalazioak erabili ahal izateko eta guraso askok adierazi duten eskariari erantzunez, Derioko Udalak lizitaziora aterako du, 150.000 euroan, estalki bat instalatzeko lanak. Gauzak horrela, parke hau udalerriko lehenengo gune estalkia izango litzateke.

Jarduera hau, Udalak familiei espazio seguruagoak eta atseginak eskaintzen jarraitzeko helburuarekin egiten duen beste jarduera bat da, apustu berri bat, alegia. Izan ere, azken urteetan, Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Derioko haurren jolas-guneetan. Zentzu horretan, aipatzekoa da ere, egun Udalak gune berria eraikitzean hutsik geratuko den jolas gune zaharra okupatzeko aukera aztertzen ari da, skate, patin, eta abar aisia gunea egokitzeko.

Derioztarren guztien artean sortutako proiektua

Proiektua joan den udazkenean, 2019ko aurrekontua egiteko Derioko Udalak zabaldu zuen partaidetza ireki prozesutik jaio zen. Izan ere, interes eta hobekuntzarako proposamen gehien sortu zuen gaietako bat umeentzako aisia-denbora pasa instalazio gehiago eta hobeak sortzea izan zen, hain zuzen ere. Herritarren eskariari erantzuteko, eta analisi sakon baten ondoren, Udalak Uribe Parkea aukeratu zuen umeentzako jolas gune berria egiteko, eta otsailaren 25 eta martxoaren 8a artean kontsulta prozesua ireki zuen 3 eta 11 urteen arteko umeen artean. Horretarako gurasoei gutun bat bidali zitzaien honako hiru aukeren artean hautatzeko:

  • 3 urte baino gehiagoko 13 umeentzako edukiera duen 77 m²-ko gaztelu bat (35 boto)
  • 3 urte baino gehiagoko 13 umeentzako edukiera duen 64 m²-ko gaztelu bat (34 boto)
  • 2 urte baino gehiagoko 25 umeentzako edukiera duen 114 m²-ko gaztelu bat (51 boto)