Albisteak eta iragarkiak

 
  • Txorierri osoko Batxilergoko 2. mailako ehun bat ikasle Kultur Birikara eramango dituzte, COVID 19aren aurkako prebentzio-neurriak betetzen direla bermatzeko.
  • Era berean, gaur egun Kultur Birikan eskaintzen diren udal-zerbitzuek ez dute eraginik izango, hala nola gizarte-langilearen zerbitzuak, liburutegiak edo euskaltegiak, besteak beste.

2020-2021 ikasturtearen hasieran, joan den abuztuaren 26an, EUDELek (Euskadiko Udalen Elkartea / Asociación de Municipios Vascos) gutun bat bidali zien EAEko udal guztiei, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko eskolatzea bermatzeko eta ikasleak osasun-neurriak betez behar bezala birkokatu ahal izateko udal espazio publikoak identifikatzen laguntzeko toki-erakundeei egiten zien eskaeraren berri emateko.

Ikasturte berria behar bezala garatzen laguntzeko eta Hezkuntza Sailak eskatzen dituen osasun-baldintzak betetzeko, Derioko Udala Derioko eskolako eta Txorierriko Institutuko zuzendaritzarekin aritu da lanean, bai eskolako haurren eta nerabeen eskolatze presentziala bai ikasleen eta langileen segurtasuna bermatzeko.

Irailaren 4an Txorierriko Institutuko zuzendaritzak bere ikasgelak handitzeko beharra adierazi zuenetik, Derioko Udala irtenbide bat aurkitzen saiatu da, Txorierri osoko Batxilergoko 2. mailako ehun bat gaztek ikasturtea segurtasunez has dezaten. Horretarako, Udalak Kultur Birikako bost gela utziko dizkio, hiru iraunkorrak izango dira eta horietako bi eskolaz kanpoko ordutegian erabili ahal izango dira Kultur Birikako ohiko jardueretarako. Gainera, Udalak kiroldegiko eta udal pilotalekuko pistak ere uzten ditu gorputz-hezkuntzako jardueretarako, baita Uribe Parkea ere, aisialdian ere gomendatutako osasun-baldintzak betetzeko.

Esther Apraiz alkatearen hitzetan, "esfortzu handia da Udalarentzat, baina gure konpromisoa da. Aspalditik ari gara lanean Eskolak eta Institutuak izan ditzaketen beharren inguruan. Abuztuan Larrabarri Baserria eta Kultur Birika eskaintzea erabaki genuen. Guretzat lehentasuna da Derioko zein Txorierriko beste udalerrietako (Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Loiu edota Sondika) ikasleen segurtasuna bermatzea”.

Gainera, udal-brigada institutuarekin elkarlanean ari da altzariak egokitzeko eta lekualdatzeko, datorren irailaren 15ean ikasturtea hasiko dela ziurtatzeko; udaltzaingoak, berriz, sarrera eta irteeretan duen presentzia indartuko du, prebentzio-neurriak betetzen laguntzeko, hala nola maskarak erabiltzea eta gazteen arteko distantzia mantentzea.

Kultur Birikako ordutegiak ere eragina izango du; izan ere, ordutegia luzatu egin beharko da eta 8:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Nahiz eta Kultur Birika une honetan ez dagoen %100ean, oraindik aktibo jarraitzen duten zenbait zerbitzu baditu, hala nola gizarte-langilearena, liburutegia, ikasketa-gela, udal edo Mankomunitateko ikastaro edo hitzaldiak, udal-euskaltegiko eskola, etab. "Gure zerbitzuak mantentzen eta eskaintzen jarraituko dugu, lagapena gorabehera", adierazi du alkateak.

Bestalde, Udala Derioko Udal Eskolako zuzendaritzarekin lanean ari da uztailaz geroztik, ikasle txikienentzat ikasturte hasiera segurua finkatzeko. Eskolako zuzendaritzak, oraingoz behintzat, ez du aparteko instalaziorik eskatu, eta lankidetza beste neurri batzuetara mugatu da:

  • Lehen Hezkuntzako eraikineko sarrera nagusirako eta aldageletarako irisgarritasun-soluzioa.
  • Aldagelen erreforma integrala.
  • Informatika-gela berritu eta handitzea, Lehen Hezkuntzako eraikinean gela berria gaitzeko.
  • Gelaren egokitzapena eta pintaketa atezainaren etxebizitza zaharrean.
  • Altzariak lekuz aldatzea eta geletan jarduera txikiak egitea, COVID 19aren aurkako neurriak betetzeko.
  • Segurtasuneko zoru berria haurrentzako jolas-eremuko lurzoruan.
  • Jantokiko eraikinera sartzeko baranda lixatzea eta berriz pintatzea.
  • Sukaldeko leiho batzuk kanpotik konpontzea.
  • Sukaldeko atea konpontzea lapurreta-saioaren ondoren.
  • Wifi konexioa instalatzea espazio berrietan (gimnasioa).
  • Lehen Hezkuntzako eraikinean koadro elektriko berria jartzea.
  • Argiztapenean sentsoreak jartzea Lehen Hezkuntzako eraikinaren beheko solairuko korridoreetan.
  • Eskolako instalazioak garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzua indartzea hidrogelbanagailuak eta abar.
  • Haur Hezkuntzako ikasleentzat eskolarako sarbide berria irekitzea jantokiko hesian.
  • Haur Hezkuntzako Psikogelako sabaiaren konpontzea eta pintatzea.
  • Belarra moztea eta ondoko bi zelaiak eskolaren esku jartzea (San Juanadako zelaia eta Haurreskolako atzeko zelaia)
  • Eskola aurrean dauden aparkatzeko plazak Jersey hesiekin ixtea, ikasleen sarrerak eta irteerak errazteko.

Gainera, garbiketa zerbitzua eta Udaltzaingoa indartu egin dira. Garbiketa-orduak luzatuz, batez ere goizean, baranden, heldulekuen, komunen eta abarren higienea indartzeko; udaltzainek, berriz, ikasleen sarrera eta irteeretako segurtasuna indartzen lagunduko dute.