Albisteak eta iragarkiak

 
Derioko Udalak, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzigoaren bitartez, zirkulazioa baretzeko lanak hasi zituen atzo, Uribe kalean, bide-segurtasuna areagotzeko helburuarekin. Derioko Trafikoa Lasaitzeko Proiektuaren barruan, Udalak egin nahi dituen hiru jarduketetatik lehena da. Esan bezala, proiektua udalerriko hiru eremutara zabaltzen da eta obra bakoitzak bere ibilbide propioa izango du: Uribe kalean, Ganbe kalean eta Larrabarri kalean.

“Jarduketa honen bidez, udalerriko hainbat bidetako trafikoa lasaitzen lagunduko duten zenbait hobekuntza egin nahi ditugu, batez ere, udalerriko iparraldearen hiri-garapenaren testuinguruan berriki eraiki diren kale berrietan, oinezkoen segurtasuna areagotuz. Aste honetan Uribe kaleko lanekin hasi gara eta datozen hilabeteetan Ganben eta Larrabarrin arituko gara ", adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak.

Udalak, guztira, 96.795,45 (BEZa barne) bideratuko ditu Uribe kaleko obrak egiteko. Lanak hurrengo 6 asteetan gauzatuko dira. Ganbe eta Larrabarriko kasuetan, inbertsioa 21.691,03 eurokoa (BEZa barne) eta 11.170,61 eurokoa (BEZa barne) izango da, hurrenez hurren. Udal derioztarraren helburu nagusia bide-segurtasuna areagotzeko abiadura 50 kilometro ordutik 30era jaistea da; izan ere, 50 kilometro orduko abiaduran zirkulatzen denean, ikus-eremua urruneko puntu estu baterantz bideratzen da, hurbileko hiri-ingurunean zer gertatzen den kontuan hartu gabe. Aldiz, 30 kilometro orduko abiaduran zirkulatuz gero, ikus-eremuak kontuan hartzen du alboetan gertatzen dena.

Jarduketen bidez, auto gidariaren pertzepzioa eraldatu nahi da, galtzada estutuz (ondo seinaleztatuta eta argiztatuta) eta nahitaezko abiadura murriztuz. Derioko hainbat puntutan, hala nola, Ganbe, Larrabarri eta Uribe kaleetan, abiadura moteltzeko, txikanak, pasabide goratuak eta banda murriztaileak bezalako elementuak erabiliko dira. Zehatzago Uribe kalean hiru galtzada-estugune sortuko dira, galtzadaren erdian uharteak jarriz, punturik estuenean 2,6 metroko errei bat planteatuko da. Gaur egun, kaleak 3,5 metroko zirkulazio-erreiak ditu.

Hiru irlatxo jarriko dira, bik 20 metroko luzera izango dute eta hirugarrenak 30 metrokoa. Zabalera zorrotz hauekin, ibilgailuen gurutzaketak oso abiadura txikian egiten dira. Kale horrek Betorrene kalearekin eta Goikoetxe kalearekin dituen bidegurutzeetan, zoladura ere altxatu egingo da-