Albisteak eta iragarkiak

 
  • Proposamenak datorren uztailaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira, modu presentzialean GERTUAN Herritarren Arreta Bulegoan edo Kultur Birikan. Udalaren web orrian (www.deriokoudala.net) dagoen online inprimakia betez ere egin ahal izango da, edo inprimakia deskargatu, bete eta posta elektronikoz partaidetza@deriokoudala.net helbidera bidaliz.
  • Aurten ere prozesua fase desberdinetan garatuko da. Lehenengo fasean herritarren proposamenak jasoko dira eta hurrengoetan aztertu, proiektuak sortu eta proposamen bideragarriak argitaratuko dira eta aukeratutako proiektuak bozkatzeko epe bat ezarriko da.
  • Udalak 120.000 euro bideratu ditu herritarren partaidetzarako ekimen honetarako.

Derioko Udalak aurten ere herritarrak gonbidatu egiten ditu udal politiken diseinuan parte hartzera, eta bizilagunen laguntza nahi du 2021eko udal aurrekontuak osatzeko. Horretarako, Udalak 120.000 euro erreserbatu ditu herritarren eskaerak gauzatzeko.

Derioztarrek erabakiko dute Udalaren baliabide ekonomikoen zati bat zertarako erabili, hala gardentasuna eta tokiko gaietan hauen inplikazioa sustatuko dituzte. Udalak positiboki baloratzen du prozesu honen abiaraztea, balio handiko tresna baita udal kudeaketarako, herritarrek udalerrirako beharrezkoak diren proiektu eta erronkei ematen dizkieten lehentasunak balioan jarri eta errealitate bihurtzen direlako.

Aurreko urtean lez, Derion erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du. Prozesu honetan zenbait fase aurreikusten dira. Lehena herritarren proposamenen bilketa da, uztailaren 1etik 24ra garatuko dena.

Proposamen hauek Herritarren Arretarako Zerbitzuan (GERTUAN) edo Kultur Birikan entregatu ahal izango dira zuzenean, horretarako dagoen formularioa erabiliz. Bestalde, internet bidez ere parte hartu ahal izango da, parte hartzeko inprimakia online betez udal webgunean (www.deriokoudala.net), edo inprimaki hori deskargatuz eta emailez partaidetza@deriokoudala.net helbidera bidaliz.

Uztailaren 25etik irailaren 22ra arte, proiektu bideragarriak argitaratu arte iraungo duen bigarren fasean alegia, teknikoki aztertuko dira ondorengo baldintzak errespetatu beharko dituzten proposamenak:

  • Interes orokorrak izan beharko du lehentasuna, norbanakoen interesei erantzun behar barik.
  • Ekonomiaren ikuspuntutik bideragarria izan beharko dira, eskatzen duen inbertsioari dagokionez eta ondorengo ustiapen edo/eta mantentze-lan gastuari dagokionez ere.
  • Udalerriko biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko edo udalak, bere eskumenak gauzatzean, ematen dituen zerbitzuak hobetzeko balio beharko dute.

Irailaren 28tik urriaren 2ra azterketa prozesuaren ondoren bideragarri gertatu diren proiektu edo proposamenak bozkatu ahal izango dira. Bozketa hau inkesta bidez egingo da udal webgunean (www.deriokoudala.net). Gainera, parte hartu nahi duten baina beharrezkoak diren ezagutza eta baliabideak ez dituzten pertsonei, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (GERTUAN) eta Kultur Birikan laguntza eskainiko zaie bertan botoa emateko aukera emanez.

Urriaren 14an argitaratuko dira bozketako emaitzak udal webgunean eta iragarki oholean. Udalak herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu, parte hartze handia izan dadin eta guztionak diren udal aurrekontuak lortzeko.

 Eskuorria (PDF 143KB)