Albisteak eta iragarkiak

 
  • 2020ko Tokiko Enplegu Planaren barruan, Udalak guztira 26.000 euro bideratuko ditu laguntza-lerro berri hau abian jartzeko.
  • Hiru dira Udalak lortu nahi dituen helburuak: familia derioztarrei kontziliaziorako baliabideak eskaintzea, zaintzaileen lanari balioa ematea eta udako kontrataziorik gabe geratu diren pertsona hauen kontratazioak bultzatzea, gazteen artean ekonomia sustatuz.
  • Egaz Txorrierri zaintzaileen poltsa bat egiten ari da, zaintzaileen eta zerbitzuak behar dituzten familien arteko harremana errazteko.

Ekainaren 15ean, Derioko Udalak, alkatetzaren dekretu bidez, anbizio handiko Tokiko Enplegu Plana onartu zuen 2020rako. Bi jarduera-ildo biltzen dituen plana da, lehena lanpostuak sortzera bideratua eta bigarrena kontrataziorako laguntzetara bideratua. Bigarren lerro horretan daude jasota Udalak Derioko gurasoei emango dizkien laguntzak, udan haurrak zaintzen dituzten pertsonak kontratatzeko.

Derioko Udalak guztira 26.000 euro bideratuko ditu ekimenera, helburu hirukoitzarekin: udako udalekuak bertan behera utzi direnez, familia derioztarrei kontziliaziorako baliabideak eskaintzea, zaintzaileen lana baloratzea eta udako kontrataziorik gabe geratu diren pertsonen kontratazioak bultzatzea, gazteen artean ekonomia sustatuz. Horrela, Udalak adin txikikoen (12 urtera arte, 2008an jaiotakoak) zaintzaileak kontratatzeko diru-laguntzak emango ditu. Laguntzak irailean eskatu ahal izango dira GERTUAN Herritarren Arretarako Bulegoan, udaldia bukatutakoan. Aurrerago honen berri emango da derioztarrak jakitun egon daitezen.

Derion erroldatutako edozein pertsonak jaso ahal izango ditu diru-laguntza hauek, udan seme-alabak zaintzeko pertsonak behar baditu edo kontratatu behar baditu. Horretarako, kontratatuak langabezian egon beharko du, ahal dela udalerrian erroldatuta, eta kontratatzailearekin edo haren ezkonkidearekin ez izatea bigarren gradura arteko ahaidetasunik.

Kontratuak gutxienez bi ordu iraun behar du egunean, gutxienez astebetez, eta ekainaren 1etik irailaren 6ra bitartean sinatu beharko da.

Soldata-kostuen % 30 finantzatuko da, gehienez ere 600 euro. Gainera, portzentaia gehigarri batzuk sartzen dira kontratatutako pertsona Derion erroldatuta badago (%10 gehiago), % 5 gehiago kontratatutako pertsona gazteen kolektibokoa bada (16-35 urte) eta %5 gehiago kontratatutako pertsona euskalduna bada. Beraz, baldintza guztiak betetzen baditu, laguntza kontratazio kostuen %50ekoa izatera iritsi daiteke.

Zaintza lanak egin nahi dituzten pertsonen eta zerbitzu horiek behar dituzten familien arteko harremana errazteko, Egaz Txorierri, Txorierriko Mankomunitateko ekonomia sustatzeko zerbitzua, haurren zaintzaileen poltsa bat prestatzen ari da, arlo horretan lan egin nahi duten pertsonek izena eman dezaten.

Bihartik aurrera, familiak Egaz Txorierrirekin harremanetan jarri ahal izango dira lan-poltsa horretatik abiatuta zaintzaileen kontratazioa bideratzeko. Lan poltsa honen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, 944 536 370 telefonora deitu edo egaz@txorierri.eu helbidera mezu bat bidaltzeko aukera dago.