Albisteak eta iragarkiak

 
  • Hiru ordu-tarte irekiko dira (goizez 11:00etatik 13:45era, eguerdian 14:00etatik 16:45era eta arratsaldez 17:00etatik 19:45era), edukiera mugatuarekin.
  • Murrizketa horiek eragina izango dute abonuen prezioan. Hiruhileko honetan (uztaila, abuztua, iraila) %50eko deskontua aplikatuko da udako igerilekuen abonuetan.
  • Udako igerilekuetan edukiera mugatua izango denez, Udalak bi espazio publiko alternatibo egokituko ditu bizilagunek eguzkia har dezaten, bata Uribe Parkean eta bestea Ganben.

Hainbat udal-zerbitzuren (Liburutegia, Txokoa, Ikasketa-Gela...) mailakako irekieren ondoren, Derioko Udala kanpoko igerilekuak irekitzeko azken xehetasunak definitzen ari da, betiere, osasun arloko erakunde eskudunen segurtasun eta higiene neurri guztiak kontuan hartuz. Hala, estali gabeko igerilekuak uztailaren hasieran zabaltzea aurreikusten du Udalak, baina aurreko urteekiko berrikuntza garrantzitsuekin egingo dute. Hiru ordutegitan irekiko dira (goizez 11:00etatik 13:45era, eguerdian 14:00etatik 16:45era eta arratsaldez 17:00etatik 19:45era) eta edukiera mugatua izango da.

Toki administrazioak adierazi du datozen egunetan jakinaraziko direla igerilekuetan jarduera berrezartzeko bete beharreko baldintza eta neurri gehiago. Aurreratu dute osasun-kontrolerako neurri horiek zuzeneko eragina izango dutela instalazioen edukieran eta zerbitzuaren ordutegian, betiere, erabiltzaileen arteko segurtasun tarteak mantentzeko, instalazioak garbitu eta desinfektatzeko helburuarekin hartuta erabakiak direla esan dute.

Murrizketa horiek eragina izanen dute abonuen prezioan. Hiruhileko honetan (uztaila, abuztua, iraila) %50eko deskontua aplikatuko da udako igerilekuen abonuetan; adibidez, Derion erroldatutako famili-abonua 71,69 eurotik 35 eurora pasatuko da, eta Derion erroldatutako banakako abonamendua 51,21 eurotik 25 eurora. Abonatuek, hala nahi badute, hiruhileko honen ordainketa etetea eska dezakete (jakina, ezin izango dituzte instalazioak erabili aldi horretan), kiroldegian hala jakinaraziz. Beste urte batzuetan bezala, Udako Igerilekuaren abonua erosi ahal izango da, baina instalazioetan ez da inoiz eguneko sarrerarik jarriko salgai.

Laster, udako igerilekuen erabileraren eta prezioen berri zehatzagoa emango da.

Eguzkia hartzeko bi eremu publiko egokituko dira: Uribe Parkea eta Ganbe ingurua

Halaber, udako igerilekuen edukiera mugatua izango denez, Udalak bi espazio publiko alternatibo egokituko ditu bizilagunek eguzkia har dezaten. Solarium eremuak izango dira, Uribe parkean bata eta Ganbeko atzeko aldean bestea (udal-txokotik hurbil). Udalak bi espazioak seinalatuko ditu eta eremu horiek garbi mantendu eta zainduko ditu, baldintzarik onenetan egon daitezen. Arau batzuk bete beharko dira: ezin izango da mahairik jarri eta debekatuta egongo da su edo barbakoak egitea.

Udalak herritarrei ulermena eta pazientzia eskatzen die berriro irekitzen diren zerbitzuak erabiltzeko orduan. Udalak derioztar guztiei dei egiten die igerilekuetako eta espazio berri horietako arauak bete ditzaten eta instalazioak ahalik eta baldintzarik onenetan mantentzen lagun dezaten. Ezarritako neurri guztiak aldatu edo berrikusi egin daitezke, zerbitzuak ahalik eta osasun berme handienekin eskaintzeko xedearekin.