Albisteak eta iragarkiak

 

Derioko Udala 2019-2023 legealdirako bere kudeaketa plana bukatzear dago. Egungo testuingurura egokitutako dokumentua da, momentuko beharrizanei erantzuten diona eta era berean, legealdiko lehentasunik garrantzitsuenak jasotzen dituena. Plana alkatetzatik ari da zuzentzen eta udaleko sail desberdinetako politiko zein teknikoekin osatutako lantalde bat eratu da berau garatzeko eta jarraipena egiteko.

“Gure bide-orria izango da, legealdi osoko gure eginbeharrak jasoko dituen dokumentua da. Duela hilabete batzuetatik hona ari gara garatzen hurrengo hiru urteetan zehar martxan jarriko diren ekintza zehatzak eta egingarriak jasotzen dituen plan hau, guztion artean Derio hobeago bat eraikitzen lagunduko digun plana. Gure jarduna modu ordenatuan eta koherentean planifikatzeko balioko digun dokumentua da, egungo beharrizanei eta etorkizuneko erronkei modu eraginkorrean erantzuteko”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak.

Honez gain, alkateak gogoratu du dokumentu honek derioztarren iritziak eta ekarpenak ere barneratzen dituela, abiarazitako partaidetza bidezko azken prozesuetan jasotako iradokizunak biltzen baititu. “Hiru aldeetatik sortutako dokumentua izango da, ordezkari politikoen, udal langileen eta herritarren ekarpenak jasoko baitira” adierazi du Apraizek. Kudeaketa planak zenbait aldaketa ekarriko ditu, horien artean, Udalaren antolakuntza eredua berregiturako du. Hala, ohiko informazio batzordeak hiru alor handitan sailkatuko dira (Herritartasuna, Lurraldea eta Antolakuntza) udaleko sail desberdinen arteko zeharkakotasuna optimizatu eta Udalaren funtzionamendua arindu eta hobetzeko.

Kudeaketa Plana uneoro berrikusi ahal izango da eta dagokien batzordeen bitartez bertan jasotako ekintza eta proiektuen betetze maila ere neurtuko da. Guztien jarraipen zehatza egingo da eta modu zehatz eta sakonagoan kontrolatu ahal izango da udal gobernuaren lana, gardentasuna oinarri izanik. Apraizek udal langileen lankidetza eta inplikazioa ere eskertu nahi izan ditu, izan ere, beraiei esker, planak udalerriaren errealitateari erantzuten dioten proposamen egokiak jasoko ditu. Udal gobernuak plan berri honen xehetasun guztiak apirilean aurkeztea aurreikusten du, apirilaren 5eko hauteskunde autonomikoen ondoren.