Albisteak eta iragarkiak

 
  • Atzoko osoko bilkuran onartu ziren ekitaldi honetako kontuek %16,69ko igoera dute aurreko urtearekin alderatuta
  • Udal gobernuaren aurrekontu proiektuak kudeaketa arduratsuaren alde egiten du, zuhurtzian eta zorroztasun ekonomikoan oinarrituta, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko eta ongizatean aurrera egiteko
  • Udalak 1,2 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu HAPO abian jartzeko, argiteria publikoa hobetzeko edo udalerriko hainbat azpiegituratan hobekuntzak egiteko, hala nola Herriko Plazan, aterpean edo Uribe parkean. Aparkaleku kopurua handitzea ere aurreikusten da

Bosgarren urtez jarraian, Derioko Udaleko Osoko Bilkurak atzo, urtarrilak 27, onartu zuen udal gobernuak 2020rako aurkeztutako Udal Aurrekontuen proiektua. EAJ-PNVren aldeko botoekin (7), PSE-EEren (3) abstentzioarekin eta EH Bilduren (3) aurkako botoekin, aurtengo udal kontuak 9.345.761 eurokoak izango dira. Alderatze-baliotan, Udalak 2019an baino 1,3 milioi euro gehiago izango ditu, hau da, %16,69 gehiago. Igoera hori, batez ere, Aldekone sektorean lursail bat milioi bat euroan saltzea aurreikusten delako gertatu da. Aurreikuspen hori gabe, igoera %4,20koa da.

Era berean, 2020rako Udalkutxaren aurreikuspenek gora egitea espero da, baita zerga batzuen %0,6ko igoera ere. AENAren jabetzako lurren katastroko balioaren berrikuspena dela eta, beste gehikuntza bat ere espero da ezaugarri berezietako Ondasun Higiezin gisa.

"Udal honen kontuen egoera ona errealismoan, zuhurtzian eta gastuari eusteko politikan oinarritutako kudeaketa ekonomiko baten emaitza da. Gure proposamenak egonkortasuna eta ziurtasuna ematen dizkio Deriori; ezinbesteko printzipioak gure gobernu-taldearentzat udalerri gisa hazten jarraitzeko, pertsonengan eta haien eguneroko arazoen konponbidean ahalegin guztia egiten duen udalerri gisa. Gogor lan egiten duen eta bere hitza betetzen duen gobernua garela erakutsi dugu, eta hala egiten jarraituko dugu” adierazi du Esther Apraizek, Derioko alkateak.

1,2 milioi euro baino gehiago inbertsioetan

Udal inbertsioei dagokienez, Udalak 1.203.600 euro bideratuko ditu proiketuak egikaritzera, hala nola:

  • Eskolaren atzealdean (Larrabarri norabidean) aparkaleku bat egiteko proiektuaren idazketa: 37.500 eurora igo da. Partida horrekin proiektu gehiago egingo dira aparkalekuak handitzeko: adibidez Gernikako Arbolan eta PSE-EEren zuzenketa bat ere onartu da eskolaren inguruan aparkaleku "express" bat egiteko aukera aztertzeko.
  • Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egitea: 300.000 euro
  • Argiztapena hobetzeko plana. Herriko hainbat gunetako argi puntuak LED teknologiara aldatzea: 100.000 euro
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat jartzea: 8.500 euro
  • Hezkuntza eraikinetan egindako inbertsioak, hala nola, Eskolan, Haur Eskolan eta Ikasketa Gelan: 27.000 euro
  • Aisialdirako eraikinetan egindako inbertsioak: Larrabarri, Gazteleku, Nagusien Etxea, Donestebe eta Baratze Ludikoetan, besteak beste: 24.200 euro
  • Inbertsioak azpiegituretan:
    • Herriko plaza: 33.000 euro
    • Uribe Parkeko komunak: 50.000 euro
    • Hirugarren adinekoentzako zirkuituak eta parkeak jartzea eta haurrentzako guneak hobetzea: 66.000 euro

2020an, besteak beste, 2019an onartu diren baina aurten gauzatuko diren honako jarduketa hauek egingo dira:

  • Uriben eta Ganben trafikoa lasaitzeko neurriak betearaztea: 125.000 euro
  • Uribe parkean estalki bat jartzea: 156.000 euro
  • Euskal Herria 4-6 (Correos): 113.000 euro
  • Unbe Kaleko II. Fasea: 245.000 euro

Beste funtsezko alderdi batzuk, eta Derioko Udalak onartu dituen kontu guztien ezaugarri izan dena, herritarren parte-hartzea da. Beste urte batez, eta 2019. urte osoan zehar, Udalak hainbat topaketa antolatu ditu eta hainbat komunikazio-kanal erraztu ditu, herritarrei ahotsa emateko eta haien iradokizunak jasotzeko. Guztira 46 ekarpen bildu dira. Guztiak baloratu dira eta gehienak jada aurrekontuetan jasota daude. Beste batzuk balorazio fasean daude.

Urtero bezala, udal gobernuak gogoratzen du aurrekontuen negoziazio prozesua zabalik egon dela, une oro, oposizioko alderdi guztientzat. Udal Gobernuak berretsi egin du bere konpromisoa hitz egiteko eta negoziatzeko.

DUK (Derioko Udal Kiroldegia) erakunde autonomiari dagokionez, onartutako aurrekontua honakoa da: 1.135.565 euro (537.565 euro diru sarrera propioak dira (bazkideak) eta 598.000 euro Derioko Udalaren ekarpena).