Albisteak eta iragarkiak

 

Esther Apraizek, EAJ-PNVren hautagaiak, Derioko alkate izaten jarraituko du datozen lau urteotan. Apraiz buru zuen zerrenda jeltzaleak gehiengo osoa lortu zuen joan den maiatzaren 26an ospatu ziren udal hauteskundeetan. Gaur eguerdian, bere alderdiaren aldeko botoei (7) esker, hautagai jeltzalea berriz izendatu dute Derioko alkate udalbatza berria eratzeko osoko bilkuran. PSE-EE (3) abstenitu egin da eta EH Bilduk (3) bere hautagaia bozkatu du. Horrela bada, Esther Apraizek bere bigarren agintaldiari ekin dio gaur, Derioko Udala beste lau urtez gidatzen jarraituko du. 

Esther Apraiz buru zuen zerrendak bere historiako emaitzik onena lortu zuen boto kopuruan, 1.735 botora iritsiz, duela 4 urte baino 440 gehiago, botoen %49,64a eskuratuz. Apraizek 2015ean baino zinegotzi bat gehiago lortu du eta 7 zinegotzirekin gobernatuko du. Bere aldetik, EH Bildu 3 zinegotzirekin geratu da (duela lau urte baino zinegotzi bat gutxiago) eta PSE-EEk bere hiru zinegotziak mantendu ditu.

Inbestidurako plenoan 2019-2023 urteetan Udala osatuko duen korporazio berria eratu da. Korporazioa EAJ-PNVko Esther Apraiz alkateak, Nekane Aiarza, Ixone Urrutikoetxea, Iker Iturrate, Begoña Bilbao, Aitor Aurrekoetxea eta Eider Lago zinegotziek; EH Bilduko Ane Abaunza, Jose Angel Aurrekoetxea eta Irune Palmouk; eta PSE-EEko Alpiniano González, Clementino Caballeo eta Alicia Gonzálezek osatuko dute.

Kargua hartu eta gutxira, Esther Apraizek “derioztar batentzat oso pozgarria” dela adierazi du bere udalerriko Alkatetza berriz bere gain hartzea, eta etapa berri honi “ilusioz eta erantzukizunez” aurre egiten diola gehitu du, duela 4 urte hasitako proiektuari jarraipena emateko oraindik erronka garrantzitsuak daudela adierazi.

Bere hitzaldian, Derioko alkate gisa jada, bere proiektuaren erdigunean Derio udalerri berdinzaleago, parte hartzaileago, solidarioago, jasangarriago eta integratzaileago bat bilakatzen jarraitzeko jarduerak daudela esan du. “Azken finean, elkarrekin guztiontzako Derio hobeago bat eraiki nahi dugu, hurbiltasunetik, konpromisotik eta zintzotasunetik” nabarmendu du.

Zentzu honetan, Apraizek gainerako alderdi politikoekin ahalik eta adostasun handienak bilatzen jarraituko duela azpimarratu du, udalerrirako proiektu onenak aurrera ateratzeko, “Deriok gizarte ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egin dezan. Entzute, elkarrizketa eta akordioak Deriogatik eta Deriorentzat”, azaldu du.

Bukatu aurretik, alkate jeltzaleak bere esker onik zintzoena eman nahi izan die Udaleko langileei, kargua uzten duten zinegotziei, kargua hartu duten zinegotziei, bere alderdiari, bere familiari eta EAJ-PNVren hautagaitzan bere konfiantza jarri duten guztiei eta, aurreko agintaldian egin zuen bezala, oraingo legealdirako hartutako konpromisoak beteko dituela ziurtatu du.

Ikusi Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako emaitzak Derion