Albisteak eta iragarkiak

Kaixo danori,

Duela urte erdi baino gehiago, denok harrapatu gintuen ustekabean birusak. Txinara heldu eta urrun ikusten genuen virus hura, laster iritsi zen Euskadira ere. Ustekabean harrapatu gintuen.
 
Ordutik, gure bizitzako pasarterik latzenetariko bat bizitzea egokitu zaigula uste dut. Duela bizpahiru hilabete birusa "kontrolpean" genuela uste genuen, baina ez da horrela izan. Nahiz eta gutariko bakoitzak ez kutsatzeko neurriak hartu ditugun, eta nahiz eta zuena (hostalaritza) bezalako kolektiboek ahalegin handia egin duzuen, bizi dugun errealitateak, COVID19ak mundu guztia gogor kolpatzen jarraitzen duela agerian utzi du. Egoerak larria izaten jarraitzen du.

Azaroaren 6an, ostirala, Derio 417,18ko kutsatze-tasan zegoen (eremu laranja); eta Euskadi eremu gorrian sartzen zen, positibotasun-tasa %10a baino handiagoa zen.

Egoera horren aurrean, denok dakizuen bezala, Eusko Jaurlaritzak neurriak gogortzea erabaki du, kutsatze kopurua gelditzeko. Dagoeneko indarrean dauden neurri horien artean, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduen itxiera nabarmentzen da; zuen negozioen itxiera. Ia bi hilabeteko itxieraren ondoren pertsiana berriro altxatzea gogorra izan zen; zuen negozioa irekita mantentzea gogorra izan da hilabete hauetan eta berriro pertsiana jaitsi behar izan duzue. Zalantzarik gabe, zuen sektorea da pandemia horrek gehien zigortu duen sektoreetariko bat.

Horregatik, mezu elektroniko honen bidez, berretsi nahi dut bai nik bai Udalak Derioko ostalaritzarekin duen konpromisoa. Zalantzarik gabe, zuekin egongo gara laguntzeko.

Atzo bertan iragarri zen bezala, Eusko Jaurlaritzak, azaroaren 10ean (asteartea), Gobernu Kontseiluak zuen sektoreari zuzendutako hainbat neurri espezifiko onartuko ditu urgentziaz. Neurri horiek premiaz antolatu nahi dira, eta horretarako, premiazko kudeaketa-unitate bat sortuko da.

Halaber, laguntza zuzenen lerro bat onartzea aurreikusi dute, 45 milioi eurokoa, baita Elkargiren bidez 100 milioi euroko finantziazio lerro espezifiko bat ere.

Laguntza horien zehaztapena eta zenbatekoak asteartean bertan ezagutuko ditugu.

Behin zehaztapen horiek jakinda, aurrekoan egin genuen bezala laguntzen jarraituko dugun konpromisoa hartzen dugu. Ez dugu inor atzean utzi gura eta zuen negozioekin jarrai dezazuen nahi dugu.

Horretarako, eta lehen urrats gisa, zuekin bildu nahi nuke, Eusko Jaurlaritzak abian jarriko dituen laguntzak baloratu ahal izateko. Hainbat talde antolatu nahi ditugu (agintari sanitarioek bilerak egiteko eskatzen dituzten prebentzio-neurriak betetzen direla bermatzeko) eta horretarako mezu elektroniko honi erantzutea eskatzen dizuet, bilerara nor joango den adieraziz. Datozen egunetan jakinaraziko dizkizuet deialdiaren eguna eta ordua.

Aurrera begiratu behar dugu, ez dago besterik . Guztion artean egin beharko dugu, gutako bakoitzaren erantzukizuna azpimarratuz eta osasun agintariek hartutako neurriak betez, bizilagunen artean babesteko balioko baitu.

Animo, denon artean lortuko dugu!

ALKATEA - Esther Apraiz Fdez La Peña