Albisteak eta iragarkiak

Derio herri aktiboa eta gizarte-kohesio handikoa da, eta, une honetan, Covid-19ak sortutako krisiaren ondoren, tokiko ekonomia-sareari laguntzeari ekingo dio. Horretarako, udal gobernu taldeak 150.000 euro jarri ditu merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzari laguntzeko.

Pandemiak sortutako ixteko egoera zailari aurre egiteko laguntza maiatzean hasi zen, konpentsazio-laguntza hori behar bezala banatzeko ezarritako baldintzak betetzen zituen establezimendu bakoitzerako 600 euroko lehenengo laguntza-neurri ekonomikoaren bidez.

Laguntza-planarekin jarraituz, ekainaren 15etik uztailaren 30era bitartean tokiko kontsumoa sustatzeko ekimen berri bat jarriko da abian: “DERIO MARTXAN BONUAK”.

“30 euroko 1.500 bonu emango dira; beraz, guztira 45.000 euroko injekzioa egingo da. Bonu bakoitza erosteko kostua 20 eurokoa da eta eramaileari 30 euroko balioa emango dio, Udalak 10 euro jarriko baititu. Auzokideak animatzen ditugu bonu horiek erostera. Datorren astelehenetik aurrera egongo dira salgai Derioko udaletxean”, adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak.

Beste alde batetik, Udalak 11.400 euroko diru-laguntza onartu du Danerik Paraje merkataritza eta zerbitzuen elkartearen online salmentarako web-app-a abian jartzeko. “Funtsezkoa iruditzen zaigu Derioko saltokien online salmenta sustatzea, eta ekimen honetan aktiboki lan egingo dugu merkatarien elkartearekin” azpimarratu du alkateak.

Kultura, kirol eta aisialdi jardueren sustapena ere “Derio Martxan” ekimenaren parte da. Derioztar guztion artean, gure udalerriko egunerokotasuna suspertuko dugu aurrera egiteko.

 
  • Derio martxan kartela
  • Derio martxan pausuak
Derio martxan